XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bitartean datu aipagarri bat ere izan da, azaldu dugun prozesu honetan guztiz garrantzi haundikoa: legea aurrera ateratzeko ezintasuna iragartzearekin batera zera jakinerazi zien Hezkuntz Sailburuak ikastolei, 1990. urtea geroztik, 1989. urtean sinatutako komenioak indar gabe utziko dituela, finantziaketa mailan ikastola eta Jaurlaritzaren arteko harremanak hezkuntz-kontzertuak agindutakoari bueltatuko direlarik.

Koiuntura honetan posizioak kokaturik daudela esan dezakegu iadanik.

Alde batetik Jaurlaritza bere konpromisua bete ezinik dabil.

Hau da, Eskola Publikoaren Legearen zirriborroa ezin kontsentsuaturik; Recalde jaunak aurreko legealdiaren hasieran eginiko apostua beraz, galdutzat eman daiteke, epe laburrean gauzak zeharo aldatzen ez badira behintzat.

Bestalde ikastolok Euskal Eskolaren Diseinua deituriko proiektua finkatuz, urrats garrantzitsu bat eman dute.

Hala eta guztiz ere publiko kontsideraziopean babestu izan diren hainbat kontzeptu, erabat eztabaidagarri suertatu ziren bai Ikastolen Batzar Nagusian (Donostia Iruñea 1990.eko urtarrila-martxoa) baita ikastolen islada den euskal gizartean ere.

Eztabaida hauek berpiztu egin daitezke eta kontraesan ugari sortarazi ere, Disenuan erabakitako proiektua ikastola bakoitzean gauzatu eta egokitu orduan.

Hor dira adibidez Titularitate Konpartitua kontzeptuaren anbiguedadea eta interpretazio ezberdinak: titularitatea ondasunen jabego modura ulertuta edo kudeaketa konpartidu bat egiteko ahalmen bezala (irakaslegoaren kontratazioa aitzinkontuak aprobatzea eta garatzea...).

Hor dira baita ikastetxe bakoitzak finantziaketa propioa (kuotak entrepresa pribatuen dirulaguntzak...) izateko aukerari zabalik utzi zaion atea eta honen kontra eta alde erabili izan diren argudioak, edo, onartutako Diseinuan ikastetxe bakoitzeko gestio-organuei ematen zaizkion hainbat atribuzio, eta abar.

Legetasmo mailan ere zaila dirudi hurbilketa egotea, are gehiago PSOEren zirriborroa eta Ikastolen Federakuntzak osatutako proiektuaren arteko diferentziak aztertuz gero.

Hauez gain beste aipamen bat egin beharra dago Eskola Trasferitu eta Ikastoletako Hezkuntz Komunitateko partaide diran irakasle, guraso eta abarretakoen arteko hurbilketa prozesua dela eta.

Badirudi orain arte sare ezberdinetako Hezkuntz Komunitateko partaideen artean eman direla euskal eskola publikoa eraikitzeko urrats gehien eta hortan agian zentratu beharko genituzke etorkizunari begirako esperantza guztiak.